XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1960ko martxoaren 4a da. Fidel Castro hitzaldia ematen ari da, eta lehenengo aldiz bota du jendartera Aberria ala hil lema. Tribunan entzuten ari direnen artean Kubako Banku Nazionaleko lehendakaria ere aurkitu du Revolución aldizkariko Alberto Díaz Korda argazkilariak; haren espresioan zeozer deigarria iruditu zaionez, 90 milimetroko lentearekin fokatu du. Behin irudia ondo enkoadratuta izan duenean, Kordak bi biderrez kliskatu du kamera.

Denborak bere bidea egin du. Giacomo Feltrineli editore italiarra Kordaren etxean da bisitan, eta ustekabean arestian aipatu argazkia aurkitu du. Oso kuriosoa iruditu zaio eta, aurpegi horren erretratuak indarra daukala iritzita, berarekin kartela apailatzea otu zaio. Oraindik ez du susmatu gerora kartel horren milioika kopia zintzilikatuko direla mundu zabaleko hainbat eta hainbat hormatan.

Irakurleak dagoeneko igarriko zuenez, Ernesto Che Guevara argentinar-kubatarra da bi pasarte horietako protagonista nagusia. Eta bi pasarte horiek ez ditugu kasualitatez hautatu.